Páginas

miércoles, 18 de diciembre de 2013

Emakumeak euskal dantzetan


Poliki-poliki ari zaizkie zabaltzen euskal dantzen ateak emakumeei. Arku-dantza, sagar-dantza eta zinta-dantzak XX. mende hasieran pasa ziren emakumeen errepertoriora, eta gero urratsez urrats joan dira bidea egiten emakumeak, errepertorio eta esparru berriak eskuratzen. Batzuetan urrats bat aurrera, beste batzuetan bi atzera, baina azken urteotan badirudi eremu, talde eta dantza batzuetan emakumeak gizonezkoekin batera berdintasunean dantzatzen hasi direla. 
Prozesu honek zalantzak, kezkak eta iritzi kontrajarriak dakartza berarekin. Berandu eta motel gertatzen ari da zenbaiten iritziz; desegokia da beste zenbaiten ustez. Berdintasunaren bidean urratsak emateko gogoz izan daitezke zenbait, baina zalantzak sortzen dira han eta hemen. "Tradizioa apurtzen ari ote gara?”, "Neska-mutilak bereizita jarraitu behar dugu dantzan ala elkarrekin nahasian dantzatzea egokia da?", "Orain arte mutilek egiten zituzten dantzetan neskak dantzan hasiz gero, nola jantziko gara?",...
Guzti horri buruz gogoeta egin, ezagutzak eta ikuspuntuak konpartitu, eta generoa eta dantzari buruzko irizpideak lantzea da honako mintegi honen helburua. Ez da asmoa inori zer egin behar duen esatea, ez da ideia zer dagoen ondo eta zer gaizki zein seinalatzen hastea. Lehenik eta behin informazioa konpartitzea da helburua. Emakumeek euskal dantzetan izan duten ibilbidea aztertuko dugu, azken urteotan izan diren hainbat aldaketa ikusiko ditugu, eta gertatzen ari diren joera eta aukera desberdinak ezagutuko ditugu.
Ondoren, genero bereizketan eragin handia duen gai bati helduko diogu: janzkera. Ane Albisu, Ikerfolk elkarteko adituak tradiziozko dantza jantzietan izan den bilakaera eta gertatzen ari diren joera desberdinak azaldu eta interpretatuko dizkigu. Azken urteotan izan diren hainbat ekimen ezagutuko ditugu, eta elkarrizketa sustatu eta iritziak trukatzeko tartea hartuko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario