Páginas

sábado, 8 de marzo de 2014

Articulo de Olatz Mitxelena

Eta zergatiak?
Txiki-txikitatik imitatzaileak gara gu, gizakiok. Txiki-txikitatik hasten gara gure gorputza gurea dela ohartzen, gure parte dela sentitzen. Baina gutxitan ulertu ohi dugu gure gorputzean dagoena nola erabili nahi dugun. Txiki-txikitatik azaltzen digute gure gorputzak zer ezin duen egin, gure buruak zer egin behar duen. Mugak non dauden, gaizki zer dagoen. Zer egin eta zer ez egin. Morala, etika.
Era berean, gutxik azaltzen dizkigute zergatiak. Gutxik ala inortxok ere ez.
Ez, ordea, zergatirik ez dagoelako, “hargatik” esatea errazagoa delako baizik. Gizakiaren jarrera eta izaera guztiek badute azalpena. Badute zergatia. 
Eta zuk eta nik egiten dugun orok badu oinarri erlijioso-kulturala (ez banatzea halabeharrezkoa egiten zait). Nork bere gorputz eta buruari, eta gizateriaren jarrerari begiratu ostean, horretaz jabetu dira hainbat pertsona. 
Orain nik hitz eta lerro bihurtu ditudan sentsazioak nork bere azalean sentitzean jabetu dira horretaz. Eta orduan, ikusi soilik ez, ulertu eta konpartitu eta ekiteko, aldatzeko nahia sentitu dute. Eta sentiarazten saiatu, saiatzen eta saiatuko dira. Mugimendu bihurtu dira. Mila esker mugimendu-pizgarri izateagatik.
Emakumearen eskubideen aldeko borrokak bihar 125 kilometroko lan saioa burutuko du. Eta hantxe lasterka elkartuko dira gure herriko 30 emakume baino gehiago! Asko dira joan den bi hilabetetan lasterketa hau prestatzeko aitzakian korrika egiten hasi eta korrika egiten jarraitu dutenak. Emakumeek Astigarragako kiroldegiaren laguntza izan dute horretarako. Kirola egiteko gogoa, nork bere buruari denbora eskaintzeko nahia, taldean lasterka egiteak ematen duen babesa, lasterketaren izatea, familiako emakumeekin lasterka …  Lilaton taldeak jakin beza bete direla aurten ere Lilaton lasterketaren helburuak. Arrakastatsua aurtengo saiakera. 
Zorionak! Zorionak kirolean ere geure lekua hartzen ari garelako, geure aldetik, geure bidetik.  
Zorionak eta mila esker ama, alaba, izeba, etxekoandre, zaintzaile, kirolari, abokatu, arkitekto, andereño, irakasle eta lerro hauetan sartu ezinean nabilen hainbat eta hainbat ofizio zeure egiteagatik, lehenengo kilometrotik ondoren gentozenoi bidea irekitzeagatik. Zorionak!



No hay comentarios:

Publicar un comentario